Neologismoak, hizkuntza biziaren isla

2024-11-29

Abenduaren 3a, Euskararen Eguna, hurbiltzen ari da eta gure hizkuntzaren aberastasuna eta egokitzeko gaitasuna nabarmentzeko aukera paregabea dugu. Neoloteka egitasmoa da horren erakusle.

alt

Zer da Neoloteka?

Neoloteka euskarazko hitz eta esamolde berriak identifikatu eta biltzeko UZEIk garatutako proiektua da. Egitasmo honen bidez, euskararen lexikoaren bilakaerari jarraipena egiten zaio, hizkuntza bizi eta erabilgarri baten beharrak asetzeko asmoz. Neoloteka errealitate berriak izendatzeko sortzen diren edo beste hizkuntzetatik mailegatzen diren neologismoen bilduma da, eta urtero, erabilitako hitz eta esamolde berrien artean hautaketa egiten dute.

Zergatik dira garrantzitsuak neologismoak?

Edozein hizkuntza bizik beharrezkoa du aldaketa eta egokitzapena, eta euskararen kasuan, are beharrezkoagoa da normalizazio-bidean dagoen hizkuntza izanik. Errealitate berriak ulertu eta adierazteko euskarazko neologismoak sortu eta ezagutzera ematea ezinbestekoa da, hizkuntzaren erabilera sustatzeko eta hiztun guztien eskura egoteko.

Neolotekan bildutako neologismoak gure gizartearen eta garaiaren isla dira. Hona hemen adibide batzuk:

  1. Agrovoltaiko: Nekazaritza eta eguzki-instalazio fotovoltaikoak konbinatzen dituen lurraren ustiapenari dagokiona.
  2. Faxistizazio: Faxista bihurtzea.
  3. Kolapsismo: Giza zibilizazio industrialaren hondamena mehatxu hurbil eta erreala dela defendatzen duen teoria.
  4. Dokufikzio: Benetako gertaerak, lekukotasunak eta fikziozko elementuak, hala nola aktoreak edo animazioa, konbinatzen dituen ikus-entzunezkoa.
  5. Nekropolitika: Botere politikoak eta sozialak, indarkeria eta sufrimendua kudeatuz eta arautuz, nor bizi daitekeen eta nork hil behar duen erabakitzen duela defendatzen duen teoria.

Neologismoak sortzen lagundu nahi?

Euskaraz erabiltzen den baina hiztegian oraindik jasota ez dagoen hitz edo esamolde berri bat ezagutzen duzu? Zure ekarpena Neolotekan ikusgai egon dadin, bete formularioa Neolotekaren webgunean! Jasotako proposamenak aztertuko dituzte, eta hitza edo esamoldea gehitzeko hautagai izan daiteke.

Hizkuntza bizia denon artean eraikitzen dugu!